Gezurra badirudi ere, dagoeneko 2025ak berea egin du. Dagoeneko XXI. mendearen lehenengo laurdena bete dugu, ziztu bizian. Eta horrela pasatzen dira geure bizitzak, azkar batean. Ume nintzenean neure zahartzaroa oso urrun zirudien, ikaragarri luze iruditzen zitzaidan izanen zela zahartzarora iristea, urteak poliki poliki pasatzen direla uste bainuen. Orain kontrakoa iruditzen zait.
Dena den ez gara mundu honetara etortzen urteak nola pasatzen diren ikustera besterik gabe. Bakoitzaren bizitzak badu bere zentzua. Badira urte batzuk gero eta argiago dudala nire bizitzaren zentzua. Ala horrela uste dut. Azken bolada honetan aurkitzen ari naiz nire bizitzak duen zentzua ongi betetzeko hiru ardatz izan behar dituela: Maitasuna, Natura eta Espiritualitatea. Orain arte bizi izan dudanak badu bere zentzua, batzuetan ulertzen ez badut ere. Ulertu ala ez, eskerrak ematen dizkiot bizitzari ekarri didan guztiagatik, batzuetan mingarri izan bada ere. Indianako Sue lagunak, lehengo martxoan bete zituen 101 urte. Bere etxean bizi da bakarrik eta etxeko lan guztiak berak egiten ditu. Ez du ongi ulertzen nola iritsi den horrenbeste urte bizitzera baina egunero, esnatzean, eskerrak ematen ditu. Begiak irekitzen ditu goizean eta lehenengo gauza, esaten dio bere buruari: “Jaungoikoak nahi badu nik egun bat gehiago bizitzea, eskerrik asko”.
Ez da horren garrantzitsua urteen kopurua, nire ustez, inporta dena da bizi duguna kontziente eta eskertuak bizitzea, aldi berean. Horrenbeste daukagu eskertzeko! Une latzetan ere, bada zer eskertu. Hortaz, une zailak egon badira ere, mila esker 2025 urteari eta ongi etorria 2026 urteari!