Japoniar euskaldunaren irakasgaia

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Nuñez 2026ko martxoaren 2a

Donostian jaio nintzen familia euskaldun batean, euskara zigortuta zegoen garaian. Euskara etxe barruan soilik erabiltzen zen herri handietan. Aldiz, nekazaritza eskualdeetan mantendu zen ongi euskara. Dena den 1970eko hamarkadan hasita, euskara hasi zen berriz hartzen berea den tokia.

Garai hartan ere, hasi zen Olentzero Gabonetan kaleratzen. Zapiz egindako panpina eramaten zen aulki batean eserita andanen gainean, atzean txistulariak eta ondoren herritarrak kantuka. Duela 40 urte inguru, Donostiako Alde Zaharrean nindoan Olentzero baten atzetik. Nire aurrean japoniar mutila suertatu zen, motxila bizkarrean, erabat irekita. Nik orduan ingelesez ez nekien eta zuzenean euskaraz egin nion. “Aizu, motxila irekita daukazu!” “Bai, badakit” erantzun zidan. Ez nintzen ohartu euskaraz ari zenik eta errepikatu nion esandakoa. Berak berdin egin zuen eta orduan jabetu nintzen euskaraz ari zitzaidala. Japoniako eta Frantziako Tolosako unibertsitateetan ikasi zuen euskara eta Donostiara etorria zen praktikatzera. Euskara maite zuen. Ikaragarri aberatsa eta ederra iruditzen zitzaion.

Bitxia da japoniar batzuk euskara ikastea baina guri dagokigu geure hizkuntza zaintzea. Arbasoek emandako oparia, altxorra, geure ardura da. Euskara euskaldun guztiona da eta euskarari berari zor diogu berau bizirik gordetzea, geure arbasoek egin bezala. Beraz, betebehar kolektiboa dugu euskara maitasunez zaintzea.