Otsailaren bukaeran piztu zuten azken gerra, baina bazeuden martxan beste hainbat gerra munduan. Hauetako batzuk maiz daude hedabideetan beste batzuk aipatzen ez diren bitartean. Kontatu zein isildu, gerra guztietan jendeak ikaragarri sufritzen du. Zauritu edo hil, gosea, pobrezia eta bildurra. Min ikaragarria. Kaltetutako gehienak zibilak dira baina militarrak ere egoten dira tartean. Dena den, guzti guztiak pertsonak dira. Guzti guztiek gurasoak eta familia dauzkate.
Lehengo egunean, Gaintzako Felipek kontatzen zuen duela urte batzuk Iranen egon zela. Mendian eta hirietan libre ibili zen taldean. Bertako jendearen etxeetan zein hoteletan egon ziren bai eta erakunde ofizialetan ere. Ez zuten inon arazorik izan. Aurkitu zuten jendea oso atsegina zen. Hitz onak baino ez dauzka Iranen bizi eta ezagutu zituenentzat.
Ni neu hainbat aldiz egon naiz Estatu Batuetan eta hitz onak baino ez dauzkat jende eta bertako bizipenei buruz. Gertukoak zein kaleko jendea, beti oso jatorrak izan dira nirekin. Ez dut inoiz bertan arazorik izan libre mugitzeko zein edozein jendearekin egoteko. Nik ere, nire bizipenetan oinarrituta, eskerrak eman nahi dizkiet bertakoei.
Geure gizarteetan, alde batetik jendea gaude eta bestetik gobernuak. Ni eta zu jende xumeak gara eta ezin ditugu erabaki politikoak hartu, baina guk egin dezakegu presioa ozenki esanez: “Pakea posible da, gerrarik ez!”