UEMAk “Egin nirekin ere euskaraz!” kanpaina abiatu du, aurreiritziei aurre egiteko

Mailope Aldizkaria 2024ko eka. 24a, 08:00

Gure herriak asko aldatu dira eta ari dira aldatzen oraindik ere, eta bizilagun berriak ditugu. Asko handitu da beste herrialde batzuetatik etorritako familien kopurua, eta bertako bizilagunei harrera adeitsua egitea dagokigu, baita nora etorri diren azaltzea ere. Euskal Herrian euskaraz bizi garela erakustea, eta herrian euskara dela bertako hizkuntza adieraztea.

Bizilagun berriak beren herrialdeak utzi eta etorkizun berri baten bila etorri dira azken hamarkadetan gurera, eta horietako asko eta asko Euskal Herrian bertan jaioak dira. Gure herrietako eskoletan ikasten dutenez, euskaldunak dira. Baina, askotan, udalerri euskaldunetan ere ez diegu euskaraz hitz egiten; azalaren koloreagatik eta bestelako aurreiritziengatik, gaztelaniaz egiten diegu, ohartu gabe Euskal Herrian jaio direla eta, gu bezala, euskaldunak direla. Badira beste asko, bertan jaio ez arren, euskara ikasi dutenak edo ikasten ari direnak; horiekin ere gaztelaniaz egiten dugu bertakoek gehienetan, eta hizkuntza ikasteko abiatu duten bidean kalte besterik ez diegu egiten. Euskaraz hitz eginda, ikasketa prozesu horretan eta bertako herritarrekin harremanak garatzen lagunduko diegu.

“Pazientzia eta etengabeko praktika funtsezkoak dira aurrera egiteko”


Pertsona horiek guztiak gurera erakarri nahi baditugu, haien jatorria eta azalaren kolorea alde batera utzi eta aintzat hartu behar dugu euskarak kolore asko dituela. Izan ere, euskara ukatzen diegunean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen diegu, nahi gabe izan arren. Euskaraz hitz egiten diegunean, herrien eta kulturen arteko zubia sendotzen ari gara, euskararekin. Egoera horretaz jabetuta, “Egin nirekin ere euskaraz!” kanpaina abiatu dute UEMAk eta Araizko eta Larraungo udalek, aurreiritziak alde batera utzita, gure herrietan bizi diren haur zein gazte-heldu guztiei lehen hitza euskaraz egin diezaiegun. Euskaldunok izan behar dugu eredu, eta pertsona horiei euskaraz hitz egitea ezinbestekoa da. Izan ere, guk ez badiegu euskaraz egiten, nork egingo die?


Kanpainaren aurkezpena
Hasierako kanpainaren aurkezpena Ibarran egin zen. Bertan izan ziren Anastasia Tsera, Aimar Toma eta Andriy Tsera, Martin Aramendi UEMAko lehendakariarekin, Nagore Zubillaga zinegotziarekin, Eider Amundarain Zaldibiko Lardizabal herri eskolako zuzendariarekin eta Aitor Bengoa Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendariarekin batera. Bertan, hainbat parte-hartzaileek beren esperientziak partekatu zituzten, kanpopo itxura dela eta, gaztelaniaz hitz egiteak integrazioan nola eragiten duen azaltzeko. Aimar Tomak, Anastasia Tserak eta Andriy Tserak nabarmendu zuten frustrazioa sentitzen dutela hori gertatzen denean, eta esan zuten euskaldun gisa duten nortasuna ahultzen diela.


Arribeko euskaltegiko ikasleak
Arribeko euskaltegian, hiru emakumek kontatu zuten nolako esperientzia izan duten euskara ikastean eta zer iritzi duten honen guztiaren inguruan. Jessy Rivera (Honduras), Sara Gil (Muskaria) eta Guadalupe Altamirano (Nikaragua) duela urte batzuk iritsi ziren Araitz ibarrera. Sustraiak beste herrialdeetan izan arren, bertan errotu nahi dute beren etorkizuna. Argi daukate euskara euskaldunontzat oso garrantzitsua dela, eta Araitz eta Beteluko IKA Euskaltegian hizkuntza ikasteko prozesuan murgildu dira.

Guadalupe Altamirano, jatorriz Nikaraguakoa, joan den abenduan iritsi zen Araitzera. Zaintzailea da, Betelun egiten du lan adineko pertsonekin, eta asteburuetan, berriz, Tolosan. Harentzat funtsezkoa da euskara ikastea, batez ere gaztelaniaz hitz egiten ez dutenekin komunikatu ahal izateko: “Euskara bizitzaren funtsezko zati bat da hemen. Hasieran, zaila izan zen bertako bizimodura egokitzea, baina, denborarekin, estimatzen ikasi dut”. Euskaltegian izan duen esperientzia aberasgarria izan dela dio, nahiz eta zailtasun ugari izan. “Euskara erronka etengabea da, baina egunetik egunera hobetzeko prest nago”, gaineratu du Guadalupek. Komunitatekoekin elkarlanean ibiltzea funtsezkoa dela azaldu du, eta hizkuntzak eguneroko egoeretan praktikatzeko eta hobetzeko aukera ematen diola. Jessy Rivera, jatorriz Honduraskoa, duela urtebete eta lau hilabete iritsi zen Atallura. Bertan bizitzen jarri aurretik, Donostian bizi izan zen ia hogei urtez. Zaintzailea da hura ere, eta lanean euskara ikastearen garrantzia sentitu zuen, horregatik hasi zen euskara ikasten, zaintzen dituen pertsonak hobeto ulertzeko. Jessyren ustez, hizkuntza hau ikastea jakin-minaren eta behar profesionalaren emaitza da. “Garrantzitsua da hitzen esanahia jakitea, lanean eta gizartean gainontzekoak ongi ulertzeko”, dio. Zailtasunak zailtasun, egindako aurrerapenak nabaritzen ditu.

“Batzuetan, euskaraz hitz egitearekin nahikoa da. Bertakoek niri euskaraz hitz egiten didatenean, baloratua sentitzen naiz”

 

Batez ere, ingurukoek bere ikaskuntza prozesuan duten garrantzia azpimarratu du: “Auzokoek eta lankideek asko laguntzen didate, eta euskaltegiko Sonia irakaslearen laguntzarekin oso gustura gaude klasekideok; izan ere, ikasten hastea oso zaila da, baina berak klase entretenigarriak egiten ditu”. Hala ere, aurreiritziei ere egin die aurre. “Batzuetan, jendeak gaztelaniaz hitz egiten dit. Asmo onez egiten dute, baina ikasten ari naizenez, euskaraz hitz egitea gustatuko litzaidake”, gaineratu du. Sara Gil erizaina da, 2020ko urrian iritsi zen eskualdera, pandemia betean, naturaz inguratutako leku lasai baten bila. Gaur egun, erizaina da Betelun. Bere klasekideak ez bezala, Sara ez da hain estu sentitzen bertako lasaitasunarekin, estimatu egiten du. “Hemen beti aurpegi ezagunak ikusten ditut eta hori gustatzen zait”, dio. Azaldu du motibazioa sentitzen duela euskara ikasteko, eta bere asmoa dela besteen elkarrizketak ez etetea eta komunitatean hobeto integratzea. Sarak asko baloratzen ditu hurbiltasuna eta bizilagunen babesa. “Hemengo jendea oso atsegina da. Beti laguntzeko prest daude eta horrek ikaskuntza prozesua eramangarriagoa egiten du”. Hala ere, onartzen du jendeak batzuetan ez diola euskaraz egiten, eta egoerei aurre egin behar izan die. “Gero eta seguruago sentitzen naiz euskara ulertzeko unean”, amaitu du.

Erronkak eta aurreiritziak gainditzea

Guadaluperen, Jessyren eta Sararen istorioek ohiko errealitate bat islatzen dute, Euskal Herriko biztanle berri askorentzat: aurreiritzien aurkako borroka eta hizkuntzaren bidezko integrazioa. Euskara ez da komunikazio tresna bakarrik, identitate sinboloa eta kultura ere bada. Hala ere, itxuran oinarritutako aurreiritzi horiek integrazio prozesua zaildu dezakete. Guadaluperen arabera, “pazientzia eta etengabeko praktika funtsezkoak dira aurrera egiteko”. Norbaitek euskaraz egiten dion bakoitzean, komunitate honen parte sentitzen dela ere adierazi du.
 essyk ingurukoen babesaren garrantzia azpimarratzen du. “Batzuetan, euskaraz hitz egitearekin nahikoa da. Bertakoek niri euskaraz hitz egiten didatenean, baloratua sentitzen naiz”. Jessyren ustez, integrazioa bi norabideko prozesua da.

Sarak jarraipenaren beharra nabarmentzen du. “Hizkuntza berri bat ikastea zaila da, baina ahaleginarekin eta dedikazioarekin, lor daiteke. “Euskarazko elkarrizketa bakoitza kultura honen parte garela erakusteko aukera bat da”. Jarrera positiboa eta ikasteko borondatea funtsezkoak izan dira bere esperientzian. Hiru ikasle hauentzat, euskaraz hitz egitea ez da oztopo bat, kontrakoa, laguntzea dela diote, ikasteko modu zoragarria. Jendeak beraiekin euskaraz hitz egitea asko eskertzen dute. “Dirudien bezala, euskaldunok ez dugu hori barneratua, kanpotik etortzen den jendeak euskaraz ikastea nahi dugu, baina hemengoek, askotan, ez dugu hau praktikan jartzen kanpotarrekin”, azpimarratu du Ainhoa Berazak, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Euskara teknikariak. Euskaraz hitz egitea lagungarria da, baina hitz egiteko modua eta abiadura pertsonaren arabera moldatzea oso garrantzitsua dela uste du Soniak, Arribeko euskara irakasleak.

Lotutako egitasmoak eta proiektuak
“Egin nirekin ere euskaraz!” kanpaina Zaldibian hasi da, HUHEZIren (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) eta bertako hainbat eragileren laguntzarekin, euskal udalerrietan kulturartekotasuna sustatzeko proiektu zabalago baten barruan. Horrek, jatorri ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza aberasgarria sustatu nahi du, euskara ohiko hizkuntza eta integraziorako tresna gisa erabiliz. Proiektuak hainbat ekinbide bultzatu ditu egoiliar berrien artean euskararen erabilera eta inklusioa sustatzeko. Horien artean, sentsibilizazio tailerrak, adibidez, biztanle guztiekin euskaraz hitz egiteak duen garrantziaz kontzientziatzeko, itxura edo jatorria edozein dela ere. Tailerretan jarduera interaktiboak eta bigarren hizkuntza bezala euskara ikasi duten pertsonen testigantzak izango dira. Hizkuntza Mentoretzako Programak ere egingo dituzte, herrietako hiztun parte-hartzaileak eta irakasle linguistikoak egoiliar berriekin batu daitezen. Irakasleek eguneroko egoeretan hizkuntza praktikatzen laguntzen diete egoiliar berriei, eta laguntza eta orientazioa ematen diete ikaskuntza prozesuan.

 

“Euskarazko elkarrizketa bakoitza kultura honen parte garela erakusteko aukera bat da”

Kultur eta gizarte jarduerak aipagarriak dira, integrazioa errazteko, jarduera kultural eta sozialak antolatzen dira, egoiliar berriei tokiko komunitatearekin elkarreragina izateko. Jarduera horien artean jaialdiak, kirol ekitaldiak eta hizkuntza nagusia euskara duten bilera komunitarioak daude. Hezkuntza-baliabideak ere garatu dira, euskarazko elkarrizketa-gidak, aplikazio mugikorrak eta online ikastaroak barne. Baliabide horiek hizkuntza gaitasun eta maila desberdinak dituzten pertsonentzat erabilgarriak izateko diseinatu dira.

Inpaktua eta espektatibak
Martin Aramendik, UEMAko lehendakariak, azpimarratu zuen kanpainaren helburua dela herritarrak kontzientziatzea. “Aurreiritziengatik gaztelaniaz hitz egitean, euskaldun berri horiek nahi gabe baztertzen ari gara”, adierazi zuen. Kanpainak euskaldunen artean jarrera aldaketa lortzea du helburu, gizarte inklusiboagoa sustatuz, euskara kultura ezberdinen arteko zubi izan dadin. Kanpaina honekin, biztanle guztiekin euskararen erabilera sustatzea espero da, eta baita biztanle berriak komunitatean barneratuago eta onartuago sentiaraztea ere. Itxuran eta jatorrian oinarritutako aurreiritziak desafiatu eta murriztea da helburua.
Oztopo horiek ezabatzean, integrazio-prozesua erraztuko da eta bizikidetza harmoniatsuagoa sustatuko da. Pertsona gehiago euskaraz hitz egitera animatzean, eguneroko bizitzan hizkuntzaren erabilera indartuko da eta hizkuntza babesten eta hazten lagunduko du horrek. Hori bereziki garrantzitsua da; izan ere, gero eta aniztasun handiagoa dagoen gizarte batean, euskarak elkartasun gisa jokatu dezake.

Ondorioa
“Egin nirekin ere euskaraz!” kanpaina urrats garrantzitsua da, euskal gizarte inklusiboa eta plurala bermatzen duena. Aurreiritziak hautsi eta herritar guztiekin euskararen erabilera sustatzean, hizkuntza ez ezik, kohesio soziala eta Euskal Herriko kide izatearen zentzua ere indartzen dira. Guadaluperen, Jessyren eta Sararen istorioek euskarak integrazio prozesuan duen garrantzia nabarmentzen dute, eta laguntza, pazientzia eta esfortzuarekin aurreiritziak gainditu eta komunitate inklusiboa eraiki daitekeela pentsarazteko balio dute. Kanpainari buruzko informazio gehiago lortu nahi baduzu, “UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea” orrialdean dago eskuragai.