Nafarroako Gobernuak bertso saioak antolatu ditu adineko pertsonen egoitzetan

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 31

Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza) eta Julio Soto Ezkurdia (Gorriti) bertsolariak Lekunberri-Larraun Eguneko Zentroan.

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, bertsolaritza jarduerak antolatu zituen urrian eta azaroan. Zehazki, sei bertso saioak Andra Mari egoitzan, San Jose zahar etxean, Francisco Joaquin Iriarte egoitzan,  Aita Barandiaran,  Beteluko Amma egoitzan eta Lekunberriko Larraun eguneko zentroan  izan dira.

Halaber, Euskarabidearen eginkizuna euskarazko eta euskarari buruzko jarduerak antolatzea da. Aurten, lehen aldiz, Euskarabideak adineko pertsonen egoitzetara bertsolaritza programa eraman du. Helburu nagusia adineko pertsonei euskarazko jarduera ludikoa eskaintzea izan da, bertsoek adindunei eragiten dien onura psiko-emozionalaz baliaturik.

Bertsoak adineko pertsonendako bereziki gozagarria den jarduera azpimarratu dute antolatzaileek, eta programa garatzeaz Lanku Bertso Zerbitzuak erakundea arduratu da, ahozkotasunak duen aukeretatik abiaturik. Hauek izan ziren gure eskualdeko programan parte hartu zuten bertsolariak: Beteluko Amma egoitzan Julio Soto gorritiarra eta Eki Mateorena leitzarra, eta Lekunberri-Larraungo eguneko zentroan Julio Soto gorritiarra eta Kattalin Lizarraga leitzarra.

Proiektu osoak 7.736,76 euroko inbertsioa izan du, Lanku Bertso Zerbitzuak SMrekin sinaturiko kontratu publiko batez bideratuak.

Programaren balorazioan nabarmendu dutenez, bertso saioen bidez adinekoen osasun psikologikoa mantendu dute. Bertsoen bidez adinekoen emozioei gune berezi bat eman zaie, horrela, tristura iraunkorra bezalako egoera psiko-afektiboak irauliz eta bat-bateko barreak eraginez.

Bertsoek haur nahiz gazte garaia gogorarazi diete eta emozio ugari esnarazi. Arlo ludikoaren ikuspuntutik, adindu euskaldunak, protagonista eta subjektu aktibo bihurtzea lortu da, dakizkiten pasadizoak, bertsoak eta bertsolarientzako gaiak prestatzen.