24. KORRIKAren ibilbidea prest da

Mailope Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 12a

24. Korrikaren ibilbidea.

Inoizko parte-hartzaileena izatea du helburu aurtengo KORRIKAk. Bidean, Korrikak Euskal Herriko hiriburu eta herri ugari zeharkatuko ditu: Maule, Donibane Garazi, Iruñea, Baiona, Donostia eta Gasteiz, besteak beste.

Herriz herri, kalez kale eta errepidez errepide, 11 egunez eta 10 gauez euskara garela erakutsiko du Korrikak.

24. KORRIKAren ibilbidea prest da: 3436 lekuko-hartze izango dira lasterketan zehar, eta 2175 kilometro izango ditu aurten ibilbideak.   Hala, euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik abiatuko da martxoaren 19an, 15:30ean, eta 11 egunez Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, Bilbon amaituko da martxoaren 29an. Halaber, gure ibarretatik ere igaroko da. Martxoaren 23an izango da hori: Madotz (18:37), Astitz (19:03), Alli (19:23), Lekunberri (19:36), Lezaeta (20:34), Betelu (20:47), Arribe (20:54) eta Atallu (21:00).

Ibilbidearen xehetasun guztiak KORRIKAren webgunean eta aplikazioan kontsulta daitezke. Aplikazioak, gainera, lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du, geolokalizazioaren bidez, eta martxoaren 19tik 29ra eguneko bideokronikak eskainiko ditu. iOS eta Android gailuetarako doan eskuratu dezakezu.