Errenta aitorpena ere euskaraz egiteko deia egin dute UEMAk eta Araitz, Larraun eta Lekunberriko Udalek

Mailope Aldizkaria 2026ko apirilaren 8a

Apirilaren 9an hasiko da Nafarroan 2025eko errenta eta ondarearen gaineko aitorpena egiteko kanpaina. Horren harira, UEMAk eta Udalek dei egiten diete herritarrei ogasunarekiko harremanetan euskararen aldeko hautua egin eta errenta aitorpena euskaraz egitera.

 

Apirilaren 9tik aurrera ekainaren 25era bitartean martxan izanen den kanpaina honetan, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera dute, eta hori gauzatzea erraza da: internet bidez, telefonoz, aholkularitza bulegoetan edo finantza entitateetan aitorpena euskaraz egin nahi dela adierazi besterik ez dugu behar.

Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira errenta aitorpena ere euskaraz egiten duten herritarrak. Oraindik egiten ez duten horiek animatu nahi dituzte udalek, euskararen erabilera eremu guztietara zabaltzeko bidean, urrats eraginkorra baita  administrazioarekin eta kasu honetan, ogasunarekin ere euskara erabiltzea.

Nola egin errenta aitorpena euskaraz

Autolikidazio proposamena

  •  Errenta aitorpenaren proposamena zuzenean euskaraz jaso ahal izateko, hizkuntza aldaketa egiteko eskaera egin beharra dago ondoko helbidean: labur.eus/ErrentaEuskarazNafarroan
  • Behin aldatuta, aurrerantzean euskaraz jasoko duzu proposamena.

Telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa

  • Hitzordua hartzerakoan, adierazi ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
  • Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai bulegoan aurrez aurre, bai telefonoz zein internet bidez ere.

Internet bidezkoa

  • Ogasuneko errenta.nafarroa.eusatarian sartu, edo hizkuntza atalean euskara hautatu.
  • Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
  • Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezakezu.

 

Euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen jarraitzeko, urrats erraza bezain eraginkorra izan daiteke errenta aitorpena euskaraz egitea.

Kanpainari buruzko informazio gehiago: https://www.uema.eus/eu-ES/Albisteak/Orriak/20260326-errenta-ere-euskaraz.aspx