Abizenak euskal grafiaz jartzeko 'ABIZENA ERE EUSKARAZ' kanpaina abian

Mailope Aldizkaria 2026ko apirilaren 20a

UEMAk Abizenak euskal grafiaz ofizializatzeko kanpaina abiatu du.

Euskal abizenak badituzu, baina agiri ofizialetan erdara grafian idatzita badaude, baduzu aldatzeko aukera. Oso erraza da egin beharrekoa, eta erroldatuta zauden herriko udaletxean edo Erregistro Zibilean egin dezakezu.

BEHAR DIREN AGIRIAK

  • Nortasun Agiriaren fotokopia.
  • Jaiotza ziurtagiria.
    Erregistratuta zauden herriko udaletxean edo epaitegian eskatu behar da.
  • Errolda agiria.
    Udaletxean eskatzen da. Baita online ere.
  • Familia liburua.
    Seme-alabarik izanez gero edo ezkonduta egonez gero.

OHIKO GALDERAK

Abizena nahi dudan moduan idatzi dezaket?
Epailearen irizpidea da. Normalean Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da. Euskaltzaindiaren liburuan Muxika agertzen da, baina zenbait kasutan (Muxika, Mujika...) forma desberdinak onartu izan dira. Hala ere, abizen-aldaketa gisa izapidetu daiteke aldaketa eta, kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen du aldaketa onartu edo ezetz.

Gurasoena aldatuta, seme-alabena zuzenean aldatzen da?
18 urtez azpikoetan bai. 18 urtez gorakoetan, Erregistrora joan eta adierazi egin behar dute beraiek ere aldatu nahi dutela, baina ez dute tramitazio guztia egin behar.

Anai-arreba guztiek aldatu behar dute nahitaez?
18 urtez azpikoek bai. 18 urtez gorakoetan norberak erabakitzen du.

Behin aldatuta, zer pauso jarraitu behar dira? Non islatzen da aldaketa?
Epaitegiak, ofizioz, honako tokietara bidaltzen du: Udalera, Hauteskunde Zentsura, Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira... Hala ere, gero NANa berritzeko txanda hartu eta gero “hitzez hitzeko jaiotza agiria” eskuratu behar da dagokion erregistro edo epaitegian. Eskaera egiterakoan NANa berritzeko dela esan behar da, epaitegiak horretarako bakarrik balio duen agiria eman ahal izateko.

Eskatzaileak lehengo grafiarekin dauzkan agiri guztiak berriz egin behar dira?
Jaiotza, ezkontza eta seme-alaben jaiotza-agirietan aldaketa epaitegietan bertan bideratzen da, ofizioz, jaraunsletza edo herentzietan arazorik ez izateko. Gainontzeko kasuetan norberak ikusi behar du.

Gaztelaniaz diren abizenak aldatu daitezke euskal grafiara?
Epailearen baitan geratzen da. Lehen esandako moduan, printzipioz, euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren “Deitura-izendegia” jarraitzen da. Bertan honakoa adierazten da: “Euskal deituratzat, edozein hizkuntz jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitua dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren.” Zalantza kasuan, onena Euskaltzaindiari galdetzea da. Edozein kasutan, lehen esandakoa, epailearen baitan geratzen da erabakia.


UEMA – Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea