Euskal abizen ezagunek ibilbide luzea egin dute hainbat aldaketa eta inposizioa bizi ostean. Testuinguru horretan, Uharte, Larraungo familia da adibide esanguratsuetako bat, eta haien esperientzia erdigune izan da kanpainaren inguruko gogoeta zabaltzeko.
Mikel, Olaia eta Lorea Uhartek –aita eta alabek– duela hiru urte erabaki zuten haien abizenaren grafia aldatzea, etxeko gazteenek 18 urte bete aurretik. Horrela, jatorriz “Huarte” abizena, “Uharte” idaztera aldatu zuten.
Prozesuaren hasieran zalantzak izan arren, gaur egun erabakia harro eta modu positiboan bizi dute. Aldaketa hura, administrazio kontu bat izatetik urrun, hizkuntza, identitatea eta kulturarekiko atxikimendua ere azpimarratzen dituen erabakia izan zen.
XIX. mendetik aurrera, Espainiako administrazioak erregistro zibila eta dokumentazio ofiziala gaztelaniaz estandarizatzen hasi zen. Horren ondorioz, euskal abizen asko gaztelaniara moldatu ziren, sarritan idazkera aldatuta. Gaur egun, ordea, gero eta gehiago dira jatorrizko grafiara itzultzeko pausoak ematen ari diren herritarrak, nahiz eta oraindik askok ez dakiten nola egin edo zein bide jarraitu behar duten.
Testuinguru horretan kokatzen da “Abizena ere euskaraz” kanpaina, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bultzatua. Ekimen horren adibide argietako bat, Uharte familia izan da; Mikel, Olaia, Lorea eta Maddi Uharte aita-alabak duela gutxi euren abizena ofizialki euskaratu zuten.
Lehenengo pausoak eta erabakiak
Lorea Uharteren hitzetan, abizena aldatzeko erabakia ez zuten egun batetik bestera hartu; etxean aspalditik zetorren ideia baitzen: “Gure aitak aspaldi esan zigun abizena aldatu beharko genukeela, eta azkenean, 18 urte bete aurretik erabaki genuen pausoa hura ematea, kudeaketa errazagoa izan zedin”. Alegia, abizenaren aldaketa adin nagusitasunera iritsi aurretik egiten bada, administrazio prozesua arinagoa da eta familia osoak batera egin dezake aldaketa.
“Gure aitak aspaldi esan zigun abizena aldatu beharko genukeela” - Lorea Uharte
Olaiak Uharteren hitzetan: “Lehen, ‘Huarte’ zen, H hasieran. Orain, ‘Uharte’ da, ‘H’ hura erdian”. Familiaren hitzetan, aldaketa horrek itxuraz xehea dirudien arren, sakonean badu beste dimentsio bat; ez da grafia hutsa, hizkuntzarekiko eta jatorriarekiko lotura berreskuratzea baizik.
Hasierako prozesua, ordea, ez zen erraza izan. Olaiak gogoratu du hainbat zalantza sentitu zituztela: “Erabakia hartzea zaila izan zen, ez baitgenuen euskararekiko ikuspuntu hura. Hasieran, pentsatzen genuen ikastetxeko zerrendetan atzera joango ginela, edo antzeko kontuak. Horri garrantzi handia ematen genion. Gainera, pena sentitzen genuen, txikitan ikasten den lehen hitzetako bat abizena delako”. Beraz, eguneroko inertzia txikiek pisu handia zuten, baina denborarekin ikuspegia aldatu zen.
“Ez da bereziki konplexua abizena aldatzea” - Uharte familia
Lorea Uhartek adierazi duenez: “Orain zerrendak ez du axola, euskarak, bai”. Mikel Uharteren hitzetan: “Hasierako “H” hura ikustera ohitu nintzen, baina egun, “Uharte” abizena modu naturalean ikusten dut. Gustura nago hartutako erabakiarekin”. Beraz, Uharte familiaren arabera, lehenengo urratsa eman ostean, “administrazio prozesua egin behar da: udaletxera joan eta egoera azaldu, erregistro zibiletik ziurtagiria jaso, poliziara joan eta azkenik NANa eta pasaportea berritu. Ez da bereziki konplexua abizena aldatzea, baina argibideak ongi jarraitu behar dira”. Gainera, azpimarratu dute gaur egun sistemek nahiko ongi erantzuten duela: “Abizenaren aldaketa egin ondoren, administrazioan nahiko azkar islatzen da”. Horrela, aldaketa nahiko azkar normalizatzen da, bai erakundeetan, bai dokumentu ofizialetan.
“Abizenaren aldaketa egin ondoren, administrazioan nahiko azkar islatzen da” - Uharte familia
Beraz, oso erraza da egin beharrekoa, eta erroldatutako herriko udaletxean edo Erregistro Zibilean egin daiteke. Horretarako, hurrengo datu hauek beharrezkoak dira:
- Nortasun Agiriaren fotokopia.
- Jaiotza ziurtagiria.Erregistratuta zauden herriko udaletxean edo epaitegian eskatu behar da.
- Errolda agiria.Udaletxean eskatzen da. Baita online ere.
- Familia liburua.Seme-alabarik izanez gero edo ezkonduta egonez gero.
Abizena aldatu nahi denean sortzen diren ohiko galderak
Ohiko galderei dagokienez, abizena ezin da nahi den moduan berridatzi, epailearen irizpidea da. Normalean Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da. Euskaltzaindiaren liburuan, adibidez, Muxika agertzen da, baina zenbait kasutan (Muxika, Mujika...) forma desberdinak onartu izan dira. Hala ere, abizen-aldaketa gisa izapidetu daiteke aldaketa eta, kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen du aldaketa onartu edo ezetz.
Halaber, gurasoena aldatuta, 18 urtez azpiko seme-alaben abizena zuzenean aldatzen da. 18 urtez gorakoetan, Erregistrora joan eta adierazi egin behar dute beraiek ere aldatu nahi dutela, baina ez dute tramitazio guztia egin behar. Gainera, 18 urtez azpiko anai-arreba guztiek aldatu behar dute abizena derrigorrez, baina 18 urtez gorakoetan norberak erabakitzen du.
Behin aldatuta, epaitegiak, ofizioz, honako tokietara bidaltzen du: Udalera, Hauteskunde Zentsura, Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira... Hala ere, gero NANa berritzeko txanda hartu eta gero “hitzez hitzeko jaiotza agiria” eskuratu behar da dagokion erregistro edo epaitegian. Eskaera egiterakoan NANa berritzeko dela esan behar da, epaitegiak horretarako bakarrik balio duen agiria eman ahal izateko.
Eskatzaileak lehengo grafiarekin agiriei dagokienez, Jaiotza, ezkontza eta seme-alaben jaiotza-agirietan aldaketa epaitegietan bertan bideratzen da, ofizioz, jaraunsletza edo herentzietan arazorik ez izateko. Gainontzeko kasuetan norberak ikusi behar du.
Epailearen baitan geratzen da ea gaztelaniaz diren abizenak aldatu daitezken euskal grafiara. Lehen esandako moduan, printzipioz, euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren “Deitura-izendegia” jarraitzen da. Bertan honakoa adierazten da: “Euskal deituratzat, edozein hizkuntz jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitua dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren.” Zalantza kasuan, onena Euskaltzaindiari galdetzea da. Edozein kasutan, lehen esandakoa, epailearen baitan geratzen da erabakia.
Esperientzia eta helburu nagusiak
Prozesuaren iraupenari dagokionez, Uharte familiaren esperientzia positiboa izan da. Mikel Uharteren arabera, prozesua uste baino azkarrago burutu zuten, “hilabete baten bueltan egin genuen, nahiz eta prozesuan akats txiki bat izan, dokumentu bat falta baitzen. Baina, oro har, uste genuena baino azkarragoa izan zen”. Halaber, aldaketa ofiziala egin ostean, erakundeen egokitzapena arina izan zela azaldu dute, eta hezkuntza sisteman.
Kanpainaren helburua, hortaz, herritarrak pausoa ematera animatzea eta euskal abizenak eguneroko erabileran berriro normalizatzea dira. Uharte familiaren hitzetan, “abizenaren grafia aldatzeko prozesua ez da hain zaila, eta etorkizunean eskertzen da”.
“Abizenaren grafia aldatzeko prozesua ez da hain zaila” - Uharte familia